Páginas

miércoles, 15 de diciembre de 2010

Berri Txarrakek Txolarreren aldeko eguna borobildu zuen Anoetan

Berri Txarrakek sekulako amaiera eman zion egun paregabe bati. Horren aurretik ere izan zen zer ikusia: Loatzo eskolako ikasleen kalejira, Aitzol Barandiaran eta Amaia Agirrerekin bertso bazkaria eta  trikipoteoa herrian barrena. Merezi izan zuen egun bat, merezi duen irrati batentzat, Txolarren Irratiarentzat!


Gutxienez beste 10 urtetarako indarrak bildu dituztela diote Txolarre irratikoek, pasa den Larunbatean Anoetan burutu zen "Txolarre Eguna"ren arrakasta ukaezina erakusten digu honek. Gustura geratu ziren antza irratikoak, eta horixe da garrantzitsuena!

Goizean goizetik nabaritu zen herrian egun berezia zela, Loatzo musika eskolako ikasleek instrumentuak hartuta kaleak alaitu zituzten hotzez begiratzen zieten ikusleen laguntzaz. Horren ondoren, Kuku Elkartean berotan sartu eta bertso saio orijinalaz gozatu ahal izan zuten Bertso bazkarira bertaratu zirenek.


Hortik aterata eta berotasuna galdu gabe, trikipoteoa burutu zuten giro alaiean. Baina momentu gorena gauean etorri zen, Berri Txarrak talde ezagunaren eskutik. Anoetako Gaztetxean ez zen txokorik geratu libre; musika, gozamena, izerdia... eta lanean jarraitzeko indar metaketa!

sábado, 4 de diciembre de 2010

Aire kontrolatzaileak, greba, histeria eta desinformazioa

Alarma egoera!!! Militarrak aireportuetara!!! Bidaiariak haserre, jendea kexuka, histeria, zoramena, urduritasuna... hau ez da broma, gero!

Dagoeneko denok dakigu aire kontrolatzaileek greba egin dutela, oporrak hasten diren egunean egin dutela, milaka izan direla bidaiatu ezinik geratu diren herritarrak... Denok dakigu kaosa nagusitu dela Espainiar estatuko aireportu guztietan, jendea haserre ikusi dugu telebistan, kontrolatzaileak deabruaren pareko direla sinistu dugu telebista edo edozein hedabide nagusiri kasu eginez.

Nik behintzat eguerdiko informatiboen orduan zapping pixka bat egin det eta inon ez det ikusi ahal izan greba egin dutenen ikuspuntua zein den. INON ez. Erraz konformatzen den pertsona izango banintz, telebistak esandakoari soilik jaramon egingo banio, oraintxe zera pentsatu beharko nuke "aire kontrolatzaileak egoista hutsak direla, urtean edozein herritarrek baino hamaika aldiz gehiago kobratu arren txikikeriengatik sekulako zalaparta antolatu dutela eta Gobernuak militarrengana jotzea beste aukerarik ez duela izan egoera salbatu ahal izateko". Horixe izan da hedabide guztiek erakutsi digutena.

Baina ea... gelditu segundu batez eta jarri pentsatzen... Inork deitzen al du greba bat arrazoi sendorik gabe? Beren lanpostua, bizimodua, jokoan jarriko lukete txorakeria bategatik? Inork egiten du hori ala? Eta jarraitu pentsatzen bide horretatik... Eta hedabideek zer demontregatik ez didate esaten zein diren grebalarien arrazoiak? Haserrea hareagotu besterik lortzen ez duten irudiak behin eta berriz ematea baino interesgarriago ez al da egoera ulertarazten saiatzea?

Buruari bueltaka nenbilela blog bateko post hau topatu dut eta izugarri eskertu dut! Orain hobeto ulertzen dut geratzen ari dena, eta ez naiz masaren histeria eta haserreak arrastratua sentitzen. Ez dut esaten kontrolatzaileek egin dutenaren erabat aldeko naizenik (ziur beraiek ere ez daudela guztiz konbentzituta egin behar izan dutenaz), baina ikustea galarazten zidan beloa kendu dudala uste dut behintzat.

Irakurri, benetan merezi du, luzea dirudi baina oso erraz irakurtzen da.

miércoles, 1 de diciembre de 2010

A por higos!!!

Bideo kurioso batzuk azaldu dira azken aldian sarean. Ahotsik gabe ikusten badituzue La2en arratsaldetan botatzen dituzten dokumentalak direla pentsatzeko modukoak dira... baina, soinua jarriz gero asko aldatzen da kontua!


Egin proba! Hona hemen bideoak:







Nik sekulako barre algarak bota ditut bideoak ikusten... batzuk esan dute oso umore gipuzkoarra dela, agian horregatik izango da... Zuei zer iruditzen zaizue?

Baina barrez egiteaz gain, pentsa arazteko modukoak direla ere iruditu zait. Benetan horrelakoak ote gara gazteak? Drogazaleak, kontsumistak, harroak... Horrelakoa ote da Euskal Herriko gazte jendea?

Blog honen izenarekin primeran doazen bideoak dira dudarik gabe; oaindikeztakit nondik atera diren... zer ote da "a por higos!" delako hori?