Páginas

Mostrando entradas con la etiqueta Anoeta. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Anoeta. Mostrar todas las entradas

martes, 1 de marzo de 2011

Euskara eta orijinaltasuna: Kilometroak'98ko bideoa

Euskara eta orijinaltasuna aipatuta, urtero urtero egiten diren Kilometroak, Ibialdia, Araba euskaraz, Nafarroa oinez eta Herri Urratseko bideoetaz oroitu naiz. Eta, batez ere, Kilometroak'98 ko bideoklipaz.

Kilometroak, Ibilaldia, Herri Urrats, Araba euskaraz eta Nafarroa oinez Euskal Herriko ikastolek antolatzen dituzten jaialdiak dira; euskararen alde eta bestelako hezkuntza sistema bat bultzatuz. 5 jaialdi urtero, Hegoaldeko euskal probintzia bakoitzeko bat, eta Iparraldean beste bat. Urtero, beraz, 5 bideo gai beraren inguruan, eta guztiak erakargarri egin behar... geroz eta zailagoa da orijinaltasunari eustea!

Ba horretan pentsatzen ari nintzela, Kilometroak 98ko bideoaz oroitu naiz. Tolosaldean ospatu genituen urte artan Kilometroak; Anoetako Herri Ikastolan ikasten nuen nik garai hartan eta guk ere, ikasle gisa, hartu genuen parte guzti hartan! Besteak beste, bideokliparen grabaketan! Pertsonaia famatu ezberdin askok kantatzen zuten "Mundiala!" leloa zeukan ospakizun hartako abestian. Baina beno, esatea baino, ikustea hobe, ezta?




Bideo honek oroitzapen asko ekartzen dizkit, kuriositate gisa, oso ondo gogoratzen dut bideo honen grabaketa izan zela "web" hitza lehenengo aldiz entzun nuen momentua. Orain pentsaezina dirudi, baina abestiak "web, web, web, web, mundiala da!" esaten duen momentuan dantzan ari ginenetako inork ez genuen ulertzen zer zen esaten genuena. Zer demontre da ba "web" hori?!?

Ta bueno, propina gisa, sekretutxo bat esango dizuet... bideoko segundutxo batean, ni ere agertze naiz!

miércoles, 15 de diciembre de 2010

Berri Txarrakek Txolarreren aldeko eguna borobildu zuen Anoetan

Berri Txarrakek sekulako amaiera eman zion egun paregabe bati. Horren aurretik ere izan zen zer ikusia: Loatzo eskolako ikasleen kalejira, Aitzol Barandiaran eta Amaia Agirrerekin bertso bazkaria eta  trikipoteoa herrian barrena. Merezi izan zuen egun bat, merezi duen irrati batentzat, Txolarren Irratiarentzat!


Gutxienez beste 10 urtetarako indarrak bildu dituztela diote Txolarre irratikoek, pasa den Larunbatean Anoetan burutu zen "Txolarre Eguna"ren arrakasta ukaezina erakusten digu honek. Gustura geratu ziren antza irratikoak, eta horixe da garrantzitsuena!

Goizean goizetik nabaritu zen herrian egun berezia zela, Loatzo musika eskolako ikasleek instrumentuak hartuta kaleak alaitu zituzten hotzez begiratzen zieten ikusleen laguntzaz. Horren ondoren, Kuku Elkartean berotan sartu eta bertso saio orijinalaz gozatu ahal izan zuten Bertso bazkarira bertaratu zirenek.


Hortik aterata eta berotasuna galdu gabe, trikipoteoa burutu zuten giro alaiean. Baina momentu gorena gauean etorri zen, Berri Txarrak talde ezagunaren eskutik. Anoetako Gaztetxean ez zen txokorik geratu libre; musika, gozamena, izerdia... eta lanean jarraitzeko indar metaketa!

jueves, 25 de noviembre de 2010

Herri Kros arrakastatsua Kultur eta Kirol asteari amaiera emateko

Herri Kros arrakastatsua ospatu zen pasa den Igandean Anoetan. Kultur eta Kirol astearentzako amaiera hoberik nekez pentsa zitekeen. Bikote askok hartu zuten parte korrika saioan, mutil eta neska batez osatutako bikoteak izatea zen baldintza eta horrenbaitan konbinazio ezberdinak ikus ahal izan genituen: aita-alabak, lagunak, bikote-bikoteak... eta irabazle izan zen Labaka anai-arreben bikotea ere bai.

Beldur pixka batez jeiki ziren goizean korrikalariak, eguraldi oso kaxkarra iragarria baitzegoen egun handirako. Baina beno, azkenean zorionez -batez ere korrikalariak animatzera joan ginen ikusleon zorionerako- eguraldiak ere errespetatu zituen korrikalariak eta euri jasarik gogorrena saioa amaitu ostean bota zuen.

Talde argazki politta, ezta?


Hona hemen helmugara iristen lehenak izan zirenen bideoa:

sábado, 20 de noviembre de 2010

Bitter Honey eta Governors Gaztetxean

Gaztetxean izan nintzen atzo aspaldiko partez, lana dela eta okupatu xamar ibiltzen naiz asteburuetan eta nahi baino asti gutxiago izaten dut Gaztetxean ibiltzeko. Baina atzo bai, atzo joan ahal izan nuen eta izugarri pozten naiz! Gustatzen zaidan talde bat zuzenean ikusteko aukera izan nuen, etxean bertan, Gaztetxe batek ematen duen goxotasun eta gertutasunarekin. Eta gainera, lehenago inoiz entzun gabeko talde bat ezagutzeko aukera izan nuen.

Nire kultura musikala ez da batere zabala, ez dakit gauerdikoeztula.blogspot.com-en egiten diren moduko kontzertu kronikak egiten, baina tira, ondo pasatu nuen eta hori da hemen agertzea nahi dudana.

Gustatzen zaizkit Gaztetxean egiten diren kontzertuak. Beti egongo da soinu arazoren bat, agian noizbait bafle bat erreko da eta besteren batean kortozirkuitu batetik gertu ibiliko gara... baina arazo berberak izango dira ospea duen talde batekin edo bere herrian soilik ezagutzen dituzten taldeekin. Gaztetxeak taldeak hurbiltzen ditu jendeagana, ez soilik lokalaren tamainagatik, autogesioagatik ere bai. Kontzertuak antolatzeko taldeekin hitz egin, baldintzak adostu, soinu frogetan lagundu, afaltzen eman, kontzertua komentatu... herriko jendeak egiten du hori guztia, gaztetxeko gazteek, guk geuk, nahi duen orok. Gaztetxeei buruz edota Anoetako Gaztetxeari buruz luze idatz nezake baina ez da orain horretarako garaia, goazen harira!

Bitter Honey eta Governors. Arrasate inguruko saioa genuen atzokoa, eskenatoki gainean eta behean ere nabaritzen zen hori.

Bitter Honey


Ez nituen ezagutzen, agian noizbait entzungo nuen beraien zerbait baina nire izaera despistatuari esker sorpresa politta izan zirela esan dezaket. Inglesez izanda ere, kantatzerakoan ulertu egiten zaion estilokoak ziren -ez ditut oihuak soilik diren "estiloak" jasaten-. Kontzertuaren atal bat gitar bakarraz egin zuten, baina inkorporazio berria igo zenean taula gainera taldeak dezente irabazi zuela esango nuke. Ez dakit zer motatako musika jotzen duten azaltzen, lehen ere esan dut ez dudala honetaz ulertzen, beraz hementxe uzten dizuet taldearen lanaren adibide bat:





Governors


Hatortxurock'10eko abestiarekin ezagutu nuen Governors taldea.



Abestia entzutean ordea ahotsa ezagun egiten zitzaidala konturatu nintzen, ahotsagatik soilik identifika ditzaket nik taldeak, musikariengatik sentitzen dut baina horretarako ere ez naiz gai jejejej Fjord eta Ekoneko abeslaria, izugarri gustatzen zaidan ahotsa, orain Governors izeneko taldean. Pixka bat begiratzen hasi, abesti gehiago entzun... konbentzituta, atsegin ditut! Sekulako poza hartu nuen Gaztetxean joko zutela jakin nuenean, eta kasualitate batzuei esker lanean jai! Zoragarri! Gaztetxera beraz, emozioz beteta.



Bueno, esan bezela, ez naiz gai kontzertu baten kronika egiteko, beraz ez naiz saiatu ere egingo. Nik oso oso ondo pasa nuen, gustatu zitzaidan Governorsen zuzenekoa. Zuek ere libre zarete zuen iritzia emateko, hementxe daukazue leku umil bat horretarako, animatu!!!

jueves, 18 de noviembre de 2010

Euskal Jaia eta Sagarren Denbora

Bideo proiekzioen eguna izan zen atzo Kultur eta kirol asteko ekitaldien baitan. Lehenengo Urrian ospatu zen Euskal Jaiaren bideoa ikusi ahal izan zuten 30 minutuko proiekzio baten bidez.

>> Euskal Jaiaren inguruko erreportai txiki bat aurki dezakezu blog honetna bertan. Hementxe. <<

 Horren ondoren "Sagarren Denbora" dokumentalaren garaia iritsi zen. 67minutuko bideo honetan Kristian Etxaluz xiberotarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren historia kontatzen da. Bikote berezia da hau, biak gaztetik lotuak Euskal Herriko askapen borrokari, beren maitasuna sorterritik 7000km-ra bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako Sao Tome irlan baitago deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren herrian dauzkate biek begiak eta, itxaropena inoiz galdu gabe, noizbait iritsiko den dagarren denboran dauzkare bihotzak.

>> Sagarren Denbora dokumentalari buruzko informazio gehiago orrialde honetan.< <

Niri izugarri gustatu zitzaidan Sagarren Denbora dokumentala, oso interesgarria eta aberasgarria iruditu zitzaidan. Eta zuri?
Euskal Jaiarena aldiz ez dut oraindik ikusi... Ikusteko modukoa da?

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Hondakinen atez ateko bilketari buruzko hitzaldi arrakastatsua

Kultur eta kirol astea aurrera doa pixkanaka. Atzo hondakinen atez ateko bilketari buruzko hitzaldia entzuteko aukera izan zuten 19:00etan udaletxeko areto nagusira bertaratu zirenek. Usurbilgo Udaleko Imanol Azpiroz zinegotzia izan zen bertan azalpenak ematen, herrian izan duten esperientzia konpartitu zuen eta bi ordu pasatxoz jendearen harreta berenaganatzea lortu zuen.

Usurbilen urtebete baino gehiago daramate atez ateko hondakin bilketaren sistemarekin, orain arte lortu dituzten emaitzen edo beste edozein konturen berri izan nahi baduzu sar zaitez webgune honetara. Hilabete guzti hauetan ikerketa, elkarrizketa eta erreportai ugari egin dituzte Usurbil aztertuz.
Hau Berriak egin zuen bideo bat da, horren adibide.




Astebeteko epean bigarren aldia da gai hau jorratzen dela Anoetan. Izan ere, pasa den ostiralean, Azaroak 10, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideek hitzaldia eskaini zuten Gaztetxean. "Hondakinen arazoa Gipuzkoan; Ezinbesteko kalea ala eredu okerraren ondorioa?" hitzaldira 30 bat lagun bertaratu ziren eta GZZren webgunean ikus daitekeenez, gustura aritu ziren gaiaren inguruan.

Eta gai honekin ari garenez, hementxe uzten dut ikustea merezi duen bideoa...




Kultur asteko beste albiste batzuk:
- San Juan kaleko paretak kontatu dit...
- Makrobiotika saioa Kukun

lunes, 15 de noviembre de 2010

Makrobiotika saioa Kukun

Kultur eta kirol asteari hasiera emateko makrobiotika saioa izan zen atzo Kuku Elkartean. 12€ren truk bertan afaltzeko aukera izan zuten eta afaria prestatu bitartean emandako azalpenen bidez makrobiotikari buruz pixka bat gehiago ikasi zuten.

Izan al zinen bertan?
Gustatu zitzaizun?
Zer afaldu zenuten?

Kontutatu zure esperientzia!

Kultur asteko beste post batzuk:
- San Juan kaleko paretak kontatu dit...

sábado, 13 de noviembre de 2010

San Juan kaleko paretak kontatu dit...

Ikasketak direla-eta Bilbon bizi naiz eta asteburuetan itzultzen naiz Anoetara. Ostiral iluntzeetan izan ohi dut lehen kontaktua herriarekin, plazatik etxerainoko bidean dauden hormak izaten dira lehenak Anoetan zer berri dagoen kontatzen. Ez zaizkit pareta biluziak gustatzen, pareta biluziek ez dute ezer adierazten, mugimendua daukan herriak paretak kolorez jantzita izaten ditu: muralak, pintadak, kartelak, udalaren ohar-paperak... Edozerk balio dit Ostiral iluntzean, plazatik etxera bidean, herrian zer giro dagoen sumatzeko.

Pozik iritsi nintzen atzo etxera, pozik etxerainoko bidean hainbat bider geratu behar izan nuelako paretari so. Lehenengoan hitzaldi bati buruzko karteltxo bat zen, bigarrenak bideo-emanaldi batzuk aipatzen zituen, hurrengoak gaztetxeko asanblada zein ordutan den abisatzen zuen, beste batek pelota partida batzuk aipatzen zituen eta azkena ikusi nuenak Anoetako kultur astea iragartzen zuen. Gure herria mugitzen da, beraz! Pozik iritsi  nintzen ba etxera, eta hare gehiago poztu nintzen etxeko egongelan "Berriak berri" herriko aldizkaria aurkitu nuenean, pixkanaka hobetzen joan den herri aldizkaria, gero eta interesgarriagoa dena. Ale honek ere badakartza aipamena merezi duten hainbat kontu...

Baina tira, ezingo ditut denak post berean azaldu, pixkanaka joango naiz herriko aktibitate hauen berri ematen. Ea herritarren gustuko diren eta arrakasta izaten duten!

sábado, 16 de octubre de 2010

III. Euskal Jai arrakastatsua Anoetan

Pasa den Igandean Euskal Jaia ospatu genuen Anoetan, eguraldi kaskarrak festa piska bat zaildu bazuen ere, herritarren gogo eta alaitasunarekin egun ederra pasa genuen!

3. urtea da jada Euskal Jaia ospatzen dela Anoetan. Aurten, hala ere, berrikuntza batekin etorri da Urriko 2. asteburu hau. Euskal Jairako motorrak berotzeko Nazio Mailako Lehen sega txapelketa ikus ahal izan genuen, herriko hainbat segalari nor baino nor urrezko segapotoa lortzeko leian. 

Goizean goizetik dultzaineroak ibili ziren herriko kaleetan zehar lotan zeudenak esna araziz eta kalera irteteko animatuz. Hauekin batera, herriko eta kanpoko hainbat baserritar eta artisau ere hasiak ziren jada lanean beren postuak atontzen. Eguraldi kaskarra zela eta, frontoian egin behar izan zen azoka; plaza animalien erakusleiho izan zen oso osorik, eta horien artean kamera guztien arreta erakarriz, idi parea nagusi.


Eskerrak frontoi estaliari!

Esan bezala, azoka frontoia egin behar izan zen: egurrezko irudiak, barazkiak, apaingarri bereziak… Mota guztitako produktuak aurki zitezkeen, guztiak dotore prestatutako postuetan ikusgarri. Erosleen artean posturik politena bozkatu zuten eta honen jabeak sari bat jaso zuen. Hemen ikus dezakezue frontoiko giroa.

Azokako gauzarik deigarrienetarikoa ordea ez zegoen salgai eta ezin aukeratu zitekeen irabazle gisa. Gregorio Zuaznabar herriko baserritar eta zinegotziak gazta egiteko prozesuaren erakustaldia egin zuen goiz guztian zehar harriturik begiratzen zioten begien aurrean.

13:30etan azoka amaitu, trasteak ziztu bizian jaso eta frontoiak jantoki itxura hartu zuen. 200 pertsona inguru bildu ziren mondejua eta bildotsa jatera.





Arratsaldean ere jai giroa nagusi

Arratsalderako planak pixka bat aldatu behar izan ziren eguraldiaren erruz. Euria zela eta, artzai-txakur erakustaldia zelaitik plazara aldatu behar izan zen. Nahiko saltsa izan zen ikusleen artean! Belazean ohitutako ardiak galduta ikusten ziren udaletxe aurreko plazan aurrera eta atzera. Eta ardiak bakarrik ez! Antzarrak ere dominatu behar izan zituzten! Komeriak komeri, erakustaldi polita egin zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako artzain eta txakurrek. Erakustaldiaren amaieran antzarrak hodi batetik pasatzeko erronka betetzea ere lortu zuten, hemen daukazue ikusgai lorpenaren momentua.

Egunari amaiera emateko, eguraldiari eta egun osoko jaiari aurre egin ondoren indarrak zituztenek, erromeria izan zuten eliz parean jarritako eskenatokian. Kanpotik busti, barrutik busti, dantza sueltoak, algarak eta neke aurpegiak…baina denak pozik. Izan ere, Euskal Jaia herritarren lanari esker ospatzen den jai bat da. Aurrez guztia antolatzeko bilerak eginez, azoka antolatuz, bazkarian mahaiak zerbitzatuz... modu askotan lagundu daiteke egun hau aurrera ateratzen. Lanean aritu diren guzti horien adibide gisa Jone eta Aintzaneren hitzak ditugu: hemen Jonek esandakoa entzuteko aukera eta hemen berriz Aintzanek esandakoak.


martes, 5 de octubre de 2010

Anotaren txokoa


Anota gure herri txikiak bere txoko propioa merezi duenez, atal berezi bat eskaini diot blogean. Facebooken ere jadanik badu orrialde propioa, Anotar guztiak gonbidatuta zaudete!