Páginas

jueves, 25 de noviembre de 2010

Herri Kros arrakastatsua Kultur eta Kirol asteari amaiera emateko

Herri Kros arrakastatsua ospatu zen pasa den Igandean Anoetan. Kultur eta Kirol astearentzako amaiera hoberik nekez pentsa zitekeen. Bikote askok hartu zuten parte korrika saioan, mutil eta neska batez osatutako bikoteak izatea zen baldintza eta horrenbaitan konbinazio ezberdinak ikus ahal izan genituen: aita-alabak, lagunak, bikote-bikoteak... eta irabazle izan zen Labaka anai-arreben bikotea ere bai.

Beldur pixka batez jeiki ziren goizean korrikalariak, eguraldi oso kaxkarra iragarria baitzegoen egun handirako. Baina beno, azkenean zorionez -batez ere korrikalariak animatzera joan ginen ikusleon zorionerako- eguraldiak ere errespetatu zituen korrikalariak eta euri jasarik gogorrena saioa amaitu ostean bota zuen.

Talde argazki politta, ezta?


Hona hemen helmugara iristen lehenak izan zirenen bideoa:

martes, 23 de noviembre de 2010

5 blogen azterketa

Nik aztertu ditudan 5 blogak El Correokoak dira: Angel Resaren “Línea de Pase”, Luis Alfonso Gámezen “Magonia”, Gorka Cabañasen “Me necesitas”, Mauricio Martínen “Motobloj” eta Juan Pablo Martínen “Mucho + Motor”.

Blogak aztertzen hasi aurretik, guztiak ireki eta gainetik begirada bat botaz gero berehala jabetuko gara blog bat nabrmentzen dela ezberdina izateagatik. Denek daukate itxura eta antolaketa beretsua “Me necesitas” izeneko blogak izan ezik.

Blogen irakurketan pixka bat sakontzea nahikoa da ezberdintasun hori azalekoa soilik ez dela ikusteko. Zalantzarik gabe Gorka Cabañasen bloga da aztertu ditudan guztien artean osatu eta erakargarriena. Osasunari eta kirolari buruzkoa da eta tematika horren barruan jorratzen dituen gaiak bananduz “pestaña” ezberdinak ditu blogak. Idazleak irakurlearentzat oso erabilgarri den moduan antolatzen ditu post-ak; alde batetik, tag-ak erabiltzen ditu eta horiekin osatutako lainoa eskaintzen dio irakurleari eta gainera, albiste aukeratu batzuk aurkezpen moduan finko mantentzen digu blogaren hasiera orrialdean. Horretaz gain, post irakurrienen zerrenda ere ikus daiteke, eta hainbat orrialde edo dendetarako lotura ere bai. Maiztasun handiz berritzen den bloga da hau eta irakurleak RSS bidez jarraitzeko aukera izateaz gain, Twitterren ere egin daiteke honen jarraitzaile (bloga bera da twitterra daukana, ez da idazlearen kontu pertsonala).

Oraintxe aipatutako hau baldin bada, nere ustez, blogik landu eta txukunena, beste muturreko kasua Angel Resaren “Línea de Pase” saskibaloiari buruzko bloga dela esan dezakegu. Oso oso oinarrizkoa den bloga da, testua erabiltzen du soil soilik. Tresna batzuk eskaintzen dizkio irakurleari berak ere parte har dezan, baina basikoenak dira: komentarioak idaztea, RSS zerbitzua eta ezer gutxi gehiago. Gainera, maiztasun aldetik ere ez da batere blog zaindua, oso oso noizean behin idazten du zerbait idazleak. Labur esanda, gogo gutxiz eginiko blog bat dirudi.

Luis Alfonso Gámezen “Magonia” da zalantzarik gabe irakurleen komentario gehien dituen bloga. Jorratzen dituen gaiak gai polemikoak direlako izan daiteke hori, misterioz betetako postak idazten ditu; ezezagun ditugun gaiei buruz idazten du, gazteleraz “sobrenatural” gisa definitzen diren gaiak hain zuzen ere. Mota honetako gaiek idazlearen interesa eskatzen dute derrigor, eta hori ondo nabari da blog honetan ere; gaiaren inguruko liburuen gomendioak, loturak... Idazlearen facebook eta twitter pertsonalak ere ageri dira. Detaile guzti horiek idazlea askoz ere hurbilagoko egiten dutela esango nuke, gainera dezenteko maiztasunez idazten du blogean eta horrek bizitasun handia ematen dio orrialdeari. Irudiak, audioak eta bideoak; denetik erabiltzen du eta postak tag bidez antolatzen ditu eskuragarritasuna eta bilaketa erraztuz. Nabari da “bokazioz” egindako blog bat dela, landua eta konstantea.

Mauricio Martínen “Motobloj” da hurrengoa. Hemen paradoxa kasu bat daukagu; ikusten da idazleak gogoa eta asmoa jartzen duela bloga idazterakoan -argazki bat baino gehiago post bakoitzean, bideoak ere bai, astean behin behintzat zerbait idazten du, tag bidez antolatzen ditu post-ak eta horien lainoa eskaintzen du, RSS zerbitzua dauka...- baina hori ez da jendearen partehartzean nabaritzen; oso komentario gutxi agertzen dira.

Azken bloga Juan Pablo Martínen “Mucho + Motor” da. Blog hau nahiko “korrektoa” dela esango nuke; hau da, ez da bereziki landutako blog bat baina itxura ona izateko beharrezkoak diren elementuak baditu. Argazkiak erabiltzen ditu, kategoria ezberdinetan banatzen ditu post-ak, zenbait lotura agertzen dira... Komentarioentzako tartea ere badago, noski, baina jendeak oso gutxi hartzen du parte.

sábado, 20 de noviembre de 2010

Bitter Honey eta Governors Gaztetxean

Gaztetxean izan nintzen atzo aspaldiko partez, lana dela eta okupatu xamar ibiltzen naiz asteburuetan eta nahi baino asti gutxiago izaten dut Gaztetxean ibiltzeko. Baina atzo bai, atzo joan ahal izan nuen eta izugarri pozten naiz! Gustatzen zaidan talde bat zuzenean ikusteko aukera izan nuen, etxean bertan, Gaztetxe batek ematen duen goxotasun eta gertutasunarekin. Eta gainera, lehenago inoiz entzun gabeko talde bat ezagutzeko aukera izan nuen.

Nire kultura musikala ez da batere zabala, ez dakit gauerdikoeztula.blogspot.com-en egiten diren moduko kontzertu kronikak egiten, baina tira, ondo pasatu nuen eta hori da hemen agertzea nahi dudana.

Gustatzen zaizkit Gaztetxean egiten diren kontzertuak. Beti egongo da soinu arazoren bat, agian noizbait bafle bat erreko da eta besteren batean kortozirkuitu batetik gertu ibiliko gara... baina arazo berberak izango dira ospea duen talde batekin edo bere herrian soilik ezagutzen dituzten taldeekin. Gaztetxeak taldeak hurbiltzen ditu jendeagana, ez soilik lokalaren tamainagatik, autogesioagatik ere bai. Kontzertuak antolatzeko taldeekin hitz egin, baldintzak adostu, soinu frogetan lagundu, afaltzen eman, kontzertua komentatu... herriko jendeak egiten du hori guztia, gaztetxeko gazteek, guk geuk, nahi duen orok. Gaztetxeei buruz edota Anoetako Gaztetxeari buruz luze idatz nezake baina ez da orain horretarako garaia, goazen harira!

Bitter Honey eta Governors. Arrasate inguruko saioa genuen atzokoa, eskenatoki gainean eta behean ere nabaritzen zen hori.

Bitter Honey


Ez nituen ezagutzen, agian noizbait entzungo nuen beraien zerbait baina nire izaera despistatuari esker sorpresa politta izan zirela esan dezaket. Inglesez izanda ere, kantatzerakoan ulertu egiten zaion estilokoak ziren -ez ditut oihuak soilik diren "estiloak" jasaten-. Kontzertuaren atal bat gitar bakarraz egin zuten, baina inkorporazio berria igo zenean taula gainera taldeak dezente irabazi zuela esango nuke. Ez dakit zer motatako musika jotzen duten azaltzen, lehen ere esan dut ez dudala honetaz ulertzen, beraz hementxe uzten dizuet taldearen lanaren adibide bat:





Governors


Hatortxurock'10eko abestiarekin ezagutu nuen Governors taldea.



Abestia entzutean ordea ahotsa ezagun egiten zitzaidala konturatu nintzen, ahotsagatik soilik identifika ditzaket nik taldeak, musikariengatik sentitzen dut baina horretarako ere ez naiz gai jejejej Fjord eta Ekoneko abeslaria, izugarri gustatzen zaidan ahotsa, orain Governors izeneko taldean. Pixka bat begiratzen hasi, abesti gehiago entzun... konbentzituta, atsegin ditut! Sekulako poza hartu nuen Gaztetxean joko zutela jakin nuenean, eta kasualitate batzuei esker lanean jai! Zoragarri! Gaztetxera beraz, emozioz beteta.



Bueno, esan bezela, ez naiz gai kontzertu baten kronika egiteko, beraz ez naiz saiatu ere egingo. Nik oso oso ondo pasa nuen, gustatu zitzaidan Governorsen zuzenekoa. Zuek ere libre zarete zuen iritzia emateko, hementxe daukazue leku umil bat horretarako, animatu!!!

jueves, 18 de noviembre de 2010

Euskal Jaia eta Sagarren Denbora

Bideo proiekzioen eguna izan zen atzo Kultur eta kirol asteko ekitaldien baitan. Lehenengo Urrian ospatu zen Euskal Jaiaren bideoa ikusi ahal izan zuten 30 minutuko proiekzio baten bidez.

>> Euskal Jaiaren inguruko erreportai txiki bat aurki dezakezu blog honetna bertan. Hementxe. <<

 Horren ondoren "Sagarren Denbora" dokumentalaren garaia iritsi zen. 67minutuko bideo honetan Kristian Etxaluz xiberotarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren historia kontatzen da. Bikote berezia da hau, biak gaztetik lotuak Euskal Herriko askapen borrokari, beren maitasuna sorterritik 7000km-ra bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako Sao Tome irlan baitago deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren herrian dauzkate biek begiak eta, itxaropena inoiz galdu gabe, noizbait iritsiko den dagarren denboran dauzkare bihotzak.

>> Sagarren Denbora dokumentalari buruzko informazio gehiago orrialde honetan.< <

Niri izugarri gustatu zitzaidan Sagarren Denbora dokumentala, oso interesgarria eta aberasgarria iruditu zitzaidan. Eta zuri?
Euskal Jaiarena aldiz ez dut oraindik ikusi... Ikusteko modukoa da?

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Hondakinen atez ateko bilketari buruzko hitzaldi arrakastatsua

Kultur eta kirol astea aurrera doa pixkanaka. Atzo hondakinen atez ateko bilketari buruzko hitzaldia entzuteko aukera izan zuten 19:00etan udaletxeko areto nagusira bertaratu zirenek. Usurbilgo Udaleko Imanol Azpiroz zinegotzia izan zen bertan azalpenak ematen, herrian izan duten esperientzia konpartitu zuen eta bi ordu pasatxoz jendearen harreta berenaganatzea lortu zuen.

Usurbilen urtebete baino gehiago daramate atez ateko hondakin bilketaren sistemarekin, orain arte lortu dituzten emaitzen edo beste edozein konturen berri izan nahi baduzu sar zaitez webgune honetara. Hilabete guzti hauetan ikerketa, elkarrizketa eta erreportai ugari egin dituzte Usurbil aztertuz.
Hau Berriak egin zuen bideo bat da, horren adibide.




Astebeteko epean bigarren aldia da gai hau jorratzen dela Anoetan. Izan ere, pasa den ostiralean, Azaroak 10, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideek hitzaldia eskaini zuten Gaztetxean. "Hondakinen arazoa Gipuzkoan; Ezinbesteko kalea ala eredu okerraren ondorioa?" hitzaldira 30 bat lagun bertaratu ziren eta GZZren webgunean ikus daitekeenez, gustura aritu ziren gaiaren inguruan.

Eta gai honekin ari garenez, hementxe uzten dut ikustea merezi duen bideoa...




Kultur asteko beste albiste batzuk:
- San Juan kaleko paretak kontatu dit...
- Makrobiotika saioa Kukun

lunes, 15 de noviembre de 2010

Makrobiotika saioa Kukun

Kultur eta kirol asteari hasiera emateko makrobiotika saioa izan zen atzo Kuku Elkartean. 12€ren truk bertan afaltzeko aukera izan zuten eta afaria prestatu bitartean emandako azalpenen bidez makrobiotikari buruz pixka bat gehiago ikasi zuten.

Izan al zinen bertan?
Gustatu zitzaizun?
Zer afaldu zenuten?

Kontutatu zure esperientzia!

Kultur asteko beste post batzuk:
- San Juan kaleko paretak kontatu dit...

sábado, 13 de noviembre de 2010

San Juan kaleko paretak kontatu dit...

Ikasketak direla-eta Bilbon bizi naiz eta asteburuetan itzultzen naiz Anoetara. Ostiral iluntzeetan izan ohi dut lehen kontaktua herriarekin, plazatik etxerainoko bidean dauden hormak izaten dira lehenak Anoetan zer berri dagoen kontatzen. Ez zaizkit pareta biluziak gustatzen, pareta biluziek ez dute ezer adierazten, mugimendua daukan herriak paretak kolorez jantzita izaten ditu: muralak, pintadak, kartelak, udalaren ohar-paperak... Edozerk balio dit Ostiral iluntzean, plazatik etxera bidean, herrian zer giro dagoen sumatzeko.

Pozik iritsi nintzen atzo etxera, pozik etxerainoko bidean hainbat bider geratu behar izan nuelako paretari so. Lehenengoan hitzaldi bati buruzko karteltxo bat zen, bigarrenak bideo-emanaldi batzuk aipatzen zituen, hurrengoak gaztetxeko asanblada zein ordutan den abisatzen zuen, beste batek pelota partida batzuk aipatzen zituen eta azkena ikusi nuenak Anoetako kultur astea iragartzen zuen. Gure herria mugitzen da, beraz! Pozik iritsi  nintzen ba etxera, eta hare gehiago poztu nintzen etxeko egongelan "Berriak berri" herriko aldizkaria aurkitu nuenean, pixkanaka hobetzen joan den herri aldizkaria, gero eta interesgarriagoa dena. Ale honek ere badakartza aipamena merezi duten hainbat kontu...

Baina tira, ezingo ditut denak post berean azaldu, pixkanaka joango naiz herriko aktibitate hauen berri ematen. Ea herritarren gustuko diren eta arrakasta izaten duten!