Páginas

jueves, 21 de octubre de 2010

Zer ote da KIT??? (II)

KIT izenpean agertzen ari diren bideoak aipatu nituen aurrekoan. 3 erakutsi nituen orduan, baina gehiago daude! Hona hemen KIT izendapena daukaten bideoen kolekzioan falta zirenak:


4.- Karmenek trikimailu itzelak ditu ihes egiteko...
Karmen emakume abila omen zen nahi zuena lortzeko, bideo honetan Karmenen Iheserako Trikimailu bat agertzen zaigu... Karmen bera ere euskalduna! Hamaika ikusteko jaioak gara! Bideo hau ezin da blogean txertatu, beraz Youtubeko lotura honetan ikus dezakezue.

5.- Titanikean ere ba omen ziren trapitxeroak
Diru beltza, dudazko legezkotasuna duten salerosketak... trapitzeroen kontua ez da atzo goizean sortutakoa! Baina ez nekien hau baieztatzen zuten dokumentu grafikoak ere bazirenik! Komertzio Ilegala Titanikean ere presente zegoen antza!


6.- ... eta gero euskaldunok omen gara erritmorik gabeak!
Euskaldunak eta erritmoa ez omen dira oso ondo elkartzen diren bi hitz; baina italiar hauek ikusita jada ez nago hain ziur horretaz... ez al dira Koreografia Italiar Tamalgarriak?


7.- Fraga, aurreskulariak, miss bat...
Donostian miss bat aukeratu behar eta zein hautatuko? Kanpoko Ikasle Turista bat! Ez al zegoen bertako inor ala Fraga jauna?

Dena den, ez naiz bakarra zalantza hauek dituena eta KIT zer ote den jakin nahian dabilena! Horrek apur bat kontsolatzen nau...

Interaktibitatea eta zibermedioak

Ariketa honetarako 3 zibermedio aztertu ditut: Berria, ABC eta Clarín. Honen helburua zibermedio hauen interaktibitate maila neurtzea izan da, ondorio nagusi gisa esango nuke guztiek ematen diotela garrantzia irakurlearen parte hartzeari, nahiz eta Berria den horretarako berezitua den eremua duen bakarra.

Parte hartze hori bultzatzeko tresna ezberdinak aurki ditzakegu zibermedio hauetan, jarraian batzuk aipatuko ditut:

  • Badira interaktibitatea lantzeko zenbait tresna 3 zibermedioetan errepikatzen direnak: inkestak (emaitzak ikusteko aukerarekin); albisteak inprimatu, beste norbaiti bidali eta plataforma ezberdinen bidez zabaltzeko aukera (hemen bereziti aipagarria da Clarinen kasua, 295 plataforma ezberdin aipatzen baititu), feed-ak jasotzeko erregistratzeko aukera (gainera guztiek albisteak atalka sailkatzen dituzte honetarako) eta irakurlearen beharren arabera medioa bisualki aldatzeko erraztasunak (ez ordea itxuentzako baliabiderik).

  • Berrian eta ABCn albisteak bozkatu daitezke (bozkatuenak albo batean bereiztuta agertzen dira) eta komentarioak uzteko aukera eskaintzen dute. Azken honetarako ez da beharrezkoa erregistratuta egotea, baina identifikazio bat eskatzen dute. Egiten diren komentarioek moderazio filtro bat pasatzen dute (Berriaren kasuan argitaratu aurretik). Albistea bozkatu badaiteke ere, komentarioekin ezin da gauza bera egin, baina ABCren kasuan besteen aipamenak salatu daitezke. 

  • Berria eta ABCk amankomunean duten beste tresna bat blogak dira. Medioko bertako kazetari edo kolaboratzaileenak dira, erabiltzaileen blogik ez dago.

  • Berriak baditu horietaz gain beste bi tresna ere: foroa eta erabiltzaileak albiste, bideo edo argazkiak erredakziora bidaltzkeo aukera. Bigarren hau bereziki interesgarria iruditzen zait, herritarrari kazetari izateko aukera eskaintzen baitio. 

  • ABCk txata, lehiaketak eta newsletter zerbitzua ere eskaintzen ditu.

  • Dena den, badira interaktibitatea lantzeko beste zenbait tresna inon erabiltzen ez direnak: bideotxata, kontsultorioak, irakurleen artean komunitateak sortzeko aukerak, helbide elektronikoa egiteko tartea, erabiltzailearen perfilaren arabera modifikatzeko, argazkilari edo autoreen e-mailak eskaintzea...

sábado, 16 de octubre de 2010

III. Euskal Jai arrakastatsua Anoetan

Pasa den Igandean Euskal Jaia ospatu genuen Anoetan, eguraldi kaskarrak festa piska bat zaildu bazuen ere, herritarren gogo eta alaitasunarekin egun ederra pasa genuen!

3. urtea da jada Euskal Jaia ospatzen dela Anoetan. Aurten, hala ere, berrikuntza batekin etorri da Urriko 2. asteburu hau. Euskal Jairako motorrak berotzeko Nazio Mailako Lehen sega txapelketa ikus ahal izan genuen, herriko hainbat segalari nor baino nor urrezko segapotoa lortzeko leian. 

Goizean goizetik dultzaineroak ibili ziren herriko kaleetan zehar lotan zeudenak esna araziz eta kalera irteteko animatuz. Hauekin batera, herriko eta kanpoko hainbat baserritar eta artisau ere hasiak ziren jada lanean beren postuak atontzen. Eguraldi kaskarra zela eta, frontoian egin behar izan zen azoka; plaza animalien erakusleiho izan zen oso osorik, eta horien artean kamera guztien arreta erakarriz, idi parea nagusi.


Eskerrak frontoi estaliari!

Esan bezala, azoka frontoia egin behar izan zen: egurrezko irudiak, barazkiak, apaingarri bereziak… Mota guztitako produktuak aurki zitezkeen, guztiak dotore prestatutako postuetan ikusgarri. Erosleen artean posturik politena bozkatu zuten eta honen jabeak sari bat jaso zuen. Hemen ikus dezakezue frontoiko giroa.

Azokako gauzarik deigarrienetarikoa ordea ez zegoen salgai eta ezin aukeratu zitekeen irabazle gisa. Gregorio Zuaznabar herriko baserritar eta zinegotziak gazta egiteko prozesuaren erakustaldia egin zuen goiz guztian zehar harriturik begiratzen zioten begien aurrean.

13:30etan azoka amaitu, trasteak ziztu bizian jaso eta frontoiak jantoki itxura hartu zuen. 200 pertsona inguru bildu ziren mondejua eta bildotsa jatera.





Arratsaldean ere jai giroa nagusi

Arratsalderako planak pixka bat aldatu behar izan ziren eguraldiaren erruz. Euria zela eta, artzai-txakur erakustaldia zelaitik plazara aldatu behar izan zen. Nahiko saltsa izan zen ikusleen artean! Belazean ohitutako ardiak galduta ikusten ziren udaletxe aurreko plazan aurrera eta atzera. Eta ardiak bakarrik ez! Antzarrak ere dominatu behar izan zituzten! Komeriak komeri, erakustaldi polita egin zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako artzain eta txakurrek. Erakustaldiaren amaieran antzarrak hodi batetik pasatzeko erronka betetzea ere lortu zuten, hemen daukazue ikusgai lorpenaren momentua.

Egunari amaiera emateko, eguraldiari eta egun osoko jaiari aurre egin ondoren indarrak zituztenek, erromeria izan zuten eliz parean jarritako eskenatokian. Kanpotik busti, barrutik busti, dantza sueltoak, algarak eta neke aurpegiak…baina denak pozik. Izan ere, Euskal Jaia herritarren lanari esker ospatzen den jai bat da. Aurrez guztia antolatzeko bilerak eginez, azoka antolatuz, bazkarian mahaiak zerbitzatuz... modu askotan lagundu daiteke egun hau aurrera ateratzen. Lanean aritu diren guzti horien adibide gisa Jone eta Aintzaneren hitzak ditugu: hemen Jonek esandakoa entzuteko aukera eta hemen berriz Aintzanek esandakoak.


viernes, 8 de octubre de 2010

Zer ote da KIT???

Azken egun hauetan bideo batzuk dabiltza bolo-bolo (kalakan soilik erabiltzen zuten hitza al da hau?) sarean. Orain arte 3 bideo ikusi ditut nik behintzat, ez dakit gehiago badauden... Kontua da denak KIT siglak daramatzatela, baina 3etan esanahi ezberdina dauka KIT horrek. Esanahi ezberdina eta bitxia bideo bitxi eta dibertigarrientzat.

Bideo hauek hona ekartzea pentsatu dut blogaren izenarekin ezin hobeto datozelako. Oaindikeztakit zer diren bideo horiek, badut gogoa horren atzean zer dagoen jakiteko gogoa! Bitartean, hona hemen bideoak:

1.- Joselito euskaraz abesten!
Bideo honetan Joselito abeslari ezaguna agertzen zaigu euskara dirudien zerbait erabili nahian. Niri behintzat zaila egiten zait ulertzea... agian "goierri profundo"ko azento itxi-itxia izango du, edo beharbada Kanten Itzultzaile Traketsaren lana da.

 

 2.-Aiaiaiaiaiaiaiaiaiiajajajiiiiiiiii! Edo beste modu batera esanda, hau ya gehiegi da...
Egia ote da hau? Existitzen ote da munduan oso gutxik ezagutzen duten irrintzi-hizkuntza sekretu bat? Euskaldun lobby txiki bat mundu mailako konplota prestatzen ari ote da irrintzi guzti horien bidez? Tira, ez dut uste, baina norbaitek benetan irrintzi bidez komunikatzeko gai garela uste izatea ere ez al da oso bitxia? Komunikazioa Irrintziak Tartekatuz... hau ere ikasiko ote dugu Multimedia Komunikazioko Masterrean?


 

3.- Ze harreman daukate Kubako Iraultzak eta Ez Dok Hamairu euskal musika talde ezagunak?
Ba hortxe galdera, bideo honek pista batzuk ematen dizkigu horren inguruan. Ikusi eta zuek atera ondorioak Kubako Iraultzaile Taldea eta euskal musikari gazteen taldea elkarlanean?

 

Horra hor misterioa! Esan bezala, nik oaindikeztakit zer da ditxosozko KIT hori, baina ziur goiz ala beranduago jakingo dugula!

martes, 5 de octubre de 2010

Anotaren txokoa


Anota gure herri txikiak bere txoko propioa merezi duenez, atal berezi bat eskaini diot blogean. Facebooken ere jadanik badu orrialde propioa, Anotar guztiak gonbidatuta zaudete!

Ongietorri!

 Ongietorri blog berri honetara! Blogosferaren unibertso zabalean galtzera kondenatutako blog berri batetara. XXI. mende honetan klaseko lanak jada ez dira koadernoan egiten, blog bat sortzea da egiteko berria.

eta Oaindikeztakit ze izen jarri blogari,
oaindikeztakit zertaz idatzi beharko dugun,
oaindikeztakit ze diseinu erabili,
oaindikeztakit...