Páginas

sábado, 16 de octubre de 2010

III. Euskal Jai arrakastatsua Anoetan

Pasa den Igandean Euskal Jaia ospatu genuen Anoetan, eguraldi kaskarrak festa piska bat zaildu bazuen ere, herritarren gogo eta alaitasunarekin egun ederra pasa genuen!

3. urtea da jada Euskal Jaia ospatzen dela Anoetan. Aurten, hala ere, berrikuntza batekin etorri da Urriko 2. asteburu hau. Euskal Jairako motorrak berotzeko Nazio Mailako Lehen sega txapelketa ikus ahal izan genuen, herriko hainbat segalari nor baino nor urrezko segapotoa lortzeko leian. 

Goizean goizetik dultzaineroak ibili ziren herriko kaleetan zehar lotan zeudenak esna araziz eta kalera irteteko animatuz. Hauekin batera, herriko eta kanpoko hainbat baserritar eta artisau ere hasiak ziren jada lanean beren postuak atontzen. Eguraldi kaskarra zela eta, frontoian egin behar izan zen azoka; plaza animalien erakusleiho izan zen oso osorik, eta horien artean kamera guztien arreta erakarriz, idi parea nagusi.


Eskerrak frontoi estaliari!

Esan bezala, azoka frontoia egin behar izan zen: egurrezko irudiak, barazkiak, apaingarri bereziak… Mota guztitako produktuak aurki zitezkeen, guztiak dotore prestatutako postuetan ikusgarri. Erosleen artean posturik politena bozkatu zuten eta honen jabeak sari bat jaso zuen. Hemen ikus dezakezue frontoiko giroa.

Azokako gauzarik deigarrienetarikoa ordea ez zegoen salgai eta ezin aukeratu zitekeen irabazle gisa. Gregorio Zuaznabar herriko baserritar eta zinegotziak gazta egiteko prozesuaren erakustaldia egin zuen goiz guztian zehar harriturik begiratzen zioten begien aurrean.

13:30etan azoka amaitu, trasteak ziztu bizian jaso eta frontoiak jantoki itxura hartu zuen. 200 pertsona inguru bildu ziren mondejua eta bildotsa jatera.





Arratsaldean ere jai giroa nagusi

Arratsalderako planak pixka bat aldatu behar izan ziren eguraldiaren erruz. Euria zela eta, artzai-txakur erakustaldia zelaitik plazara aldatu behar izan zen. Nahiko saltsa izan zen ikusleen artean! Belazean ohitutako ardiak galduta ikusten ziren udaletxe aurreko plazan aurrera eta atzera. Eta ardiak bakarrik ez! Antzarrak ere dominatu behar izan zituzten! Komeriak komeri, erakustaldi polita egin zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako artzain eta txakurrek. Erakustaldiaren amaieran antzarrak hodi batetik pasatzeko erronka betetzea ere lortu zuten, hemen daukazue ikusgai lorpenaren momentua.

Egunari amaiera emateko, eguraldiari eta egun osoko jaiari aurre egin ondoren indarrak zituztenek, erromeria izan zuten eliz parean jarritako eskenatokian. Kanpotik busti, barrutik busti, dantza sueltoak, algarak eta neke aurpegiak…baina denak pozik. Izan ere, Euskal Jaia herritarren lanari esker ospatzen den jai bat da. Aurrez guztia antolatzeko bilerak eginez, azoka antolatuz, bazkarian mahaiak zerbitzatuz... modu askotan lagundu daiteke egun hau aurrera ateratzen. Lanean aritu diren guzti horien adibide gisa Jone eta Aintzaneren hitzak ditugu: hemen Jonek esandakoa entzuteko aukera eta hemen berriz Aintzanek esandakoak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario